Kalean Urban Fest jaialdiaren laugarren edizioa aurkeztu dute astelehen honetan Tabakaleran. Gipuzkoa Basket Fundazioak sustatutako ekimenak kirola, hiri-kultura eta aire zabaleko jarduerak uztartuko ditu ekainaren 26tik 28ra Donostian.
Aurtengo programaren epizentroa Tabakalera eta Blas de Otero plaza izango dira. Bertan egingo dira, besteak beste, 3×3 saskibaloi txapelketak, skate erakustaldiak, eskalada, mahai-tenisa, pickleball jarduerak eta musika emanaldiak.
Aurkezpenean, Gipuzkoa Basket Fundazioko Josean Ibirikuk jaialdiaren izaera irekia nabarmendu du. «Kalean Urban Fest kirola kalera ateratzeko eta herritarrentzako topaguneak sortzeko asmoz sortu zen. Lau edizio geroago hazten jarraitzen dugu, baina esentzia berari eutsiz: jaialdi irekia, inklusiboa eta edonork parte hartzeko eta gozatzeko pentsatua».
Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek azpimarratu du jaialdiak bat egiten duela erakundearen filosofiarekin. «Tabakalera topaketarako, sorkuntzarako eta bizikidetzarako lekua da. Kalean Urban Fest guztiz bat dator filosofia horrekin».
Bestalde, Donostiako Udaleko Kirol zinegotzi Iñaki Gabarainen esanetan, ekimenak jarduera fisikoa herritarrengana hurbiltzen du eta espazio publikoaren erabilera positiboa sustatzen du.
Laugarren edizio honekin, Kalean Urban Festek parte-hartzea, inklusioa eta jasangarritasuna ardatz dituen eredua sendotu nahi du. Hiru egunez, Tabakalera ingurua kirolaz, kulturaz eta kaleko bizitzaz gozatzeko topagune bihurtuko da berriro.
Izen-emateak: https://forms.gle/Gm93ZF78hceK7ucu9
Izena emateko azken eguna: ekainaren 25a
Blas de Otero plaza (Tabakalera)
3+1 taldeak | Mistoa | Doakoa




Deja un comentario