María Aizpuru Ayerbe (Aloka), Andere Basterretxea Gorostiza (Polykey Polymers) eta Eneka Iribarren Parra (Nexi Health) saritu ditu gaur ASPEGIk, Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak, Gipuzkoa Ekintzailea sarien bigarren edizioan. Sariak Donostiako Aquariumean banatu dira, eta emakume ekintzaileen jarduera ekonomian, gizartean eta ingurumenean ikusaraztea dute helburu.
Aizpuruk Ekintzailetza Sozial eta Jasangarriaren Saria jaso du, Aloka plataformarekin egindako lanagatik. Ikus-entzunezko ekipoak alokatzeko sortutako proiektuak ekonomia zirkularra eta zero kilometroko eredua sustatzen ditu, eta sektorean emakumeen presentzia bultzatu nahi du.
Basterretxeak Berrikuntza Teknologiko eta Digitalaren Saria jaso du, Polykey Polymers enpresaren bidez egindako ekarpenagatik. UPV/EHUren POLYMAT ikerketa-zentrotik sortutako startupak oinarri biologikoko polimeroak ekoizten ditu eta plastikoen birziklapen kimikorako teknologiak garatzen ditu, ekonomia zirkularraren aldeko soluzioak eskainiz.
Iribarrenek, berriz, Ekintzaile Gazteen Saria jaso du. Donostian 2002an jaioa, Nexi Health startuparen sortzaile eta zuzendari nagusia da. Enpresak osasun mentalaren arloan lan egiten du, eta profesionalei pazienteen diagnostikoan, tratamenduan eta jarraipenean laguntzeko tresna digitalak garatzen ditu.
Ekitaldian ehundik gora lagun bildu dira enpresa, erakunde eta gizarte arloetatik. Bertan izan dira, besteak beste, Jon Insausti Donostiako alkatea, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariak.
ASPEGIko presidente Iratxe Pascualek nabarmendu du emakumeak Euskadin hasierako fasean dagoen ekintzailetzaren %41,4 direla, GEM EAE 2024-2025 txostenaren arabera. Haren esanetan, sari hauen bidez erakutsi nahi dute emakumeen talentu ekintzailea “existitzen dela, sendoa dela eta inpaktua sortzen ari dela Gipuzkoan”, baina ikusgarritasun handiagoa behar duela.
Sariak Laboral Kutxa/Gaztenpresa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatu dira, eta Aqvarivm eta Donostiako Udalaren laguntza izan dute.



Deja un comentario