87. Donostiako Musika Hamabostaldia azken txanpan sartuko da asteburu honetan Milango Scalako Orkestra Filarmonikoaren eskutik. Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean, orkestrak bi kontzertu eskainiko ditu larunbatean, abuztuaren 29an, eta igandean, hilaren 30ean, biak 20:00etan Kursaal Auditorioan. Bigarren emanaldiak aurtengo Musika Hamabostaldia itxiko du eta Donostiako Orfeoia izango du lagun.
Milango taldeak 2024ko udan egin zuen lehen bisita jaialdira eta, bi urte geroago, Donostiara itzuliko da. Larunbateko kontzertua Antonín Dvoraken musikari eskainiko zaio oso-osorik. Julia Hagen biolontxelo-jotzaile austriarra izango da bakarlari Dvoraken Biolontxelorako kontzertuan, eta emanaldiaren bigarren zatian konpositorearen 9. Sinfonia, ‘Mundu Berriarena’, interpretatuko dute.
Igandean, berriz, 87. Musika Hamabostaldiaren amaiera kontzertua iritsiko da. Chaillyk Giuseppe Verdi eta Piotr Ilich Tchaikovskyren obrak aukeratu ditu. Verdiren La forza del destino operako oberturak zabalduko du emanaldia eta, ondoren, haren Lau pieza sakratuak bildumako Stabat Mater eta Te Deum eskainiko dituzte. Bi obra horietan Scalako Orkestra Filarmonikoarekin batera ariko da Donostiako Orfeoia.
Orfeoiak lotura estua du Musika Hamabostaldiarekin: jaialdiaren 70 ediziotan baino gehiagotan parte hartu du eta sarritan aritu izan da amaiera kontzertuetan. Igandeko emanaldiaren bigarren zatian, Chaillyk Tchaikovskyren 4. Sinfonia zuzenduko du.
Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa 1982an sortu zuen Claudio Abbadok, Scala antzokiko orkestrako musikariek osatutako erakunde autonomo gisa. Riccardo Chaillyk 2015ean hartu zuen haren musika-zuzendaritza eta 2026aren amaieran utziko du kargua, azken hamarkadan orkestraren nazioarteko jarduera indartu ondoren.



Deja un comentario