Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak ‘Haur eta gazte literatura irakur gida 2024’ argitaratu du, euskaraz 2024an kaleratutako 294 liburu aztertu eta sailkatzen dituena. Bilduma Haur Liburu Mintegiak sustatzen du, eta formatu digitalean dago eskuragarri, baita liburutegietan ere.
Gida osatu dute haur eta gazte literaturan adituak diren 12 profesionalek, udal-liburutegietako liburuzainak, ikastetxeetako irakasleak eta unibertsitateko kideak tartean. Liburuak hiru kategoriatan sailkatu dituzte: gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Taldearen arabera, gidak ezin du ordezkatu irakurketa zuzena, ezta irakurketak sortzen duen plazera ere.
Egileek azaldu dute liburuei esleitutako irakurketa-adina orientagarria dela, haur bakoitzaren erritmoa eta zaletasunak desberdinak direlako. “Haurrak askatasunez aukeratzea da funtsezkoa irakurzaletasuna sustatzeko”, adierazi dute.
Urtero itxaropen handiz jasotzen den argitalpena da, eta Mondragon Unibertsitatearen webgunean deskargatuenetako bat izaten da. Lantaldea jada ari da hurrengo edizioa prestatzen.
Haur Liburu Mintegia 1990ean sortu zen, udal-liburutegietako liburuzainen eta ikastetxeetako irakasleen laguntzarekin. 2001. urtetik aurrerako gidak sarean daude eskuragarri.
Gida osoa hemen deskargatu daiteke: Haur eta gazte literatura. Irakur gida. 2024



Deja un comentario