Oiartzungo AP-8ko ordainlekua berritzeko lanak azken fasean sartu dira, estazioaren seigarren bidean azken probak amaitu ondoren. Gaurtik aurrera, ordainlekuko sei bideak zabalik egongo dira.
Uztailaren 4an portiko berria jarri ondoren hasi ziren berritu gabe zegoen azken bidea egokitzeko lanak. Lau aste iraun dute, eta tarte horretan zabalera bereziko bide berria eraiki da. Gainerako bideetan bezala, Abiatu eta VIA-T gailua duten erabiltzaileek gelditu gabe igaro ahal izango dute.
Era berean, ordainketa-sistema guztiak onartzen dituen makina instalatu da. Horrela, telefono mugikorraren, erloju adimendunaren edo banku-txartelaren bidez kontakturik gabe ordaindu ahal izango da, eta eskudirutan ordaindu nahi duten erabiltzaileek ere aukera hori izango dute.
Bide berriak, gainerakoek bezala, matrikulak irakurtzeko kamerak, ibilgailu mota identifikatzen laguntzeko sistemak eta urrutiko operadorearekin komunikatzeko mekanismoak ditu. Horrez gain, ordainlekuaren eremua asfaltatu eta behin betiko bide-markak margotu dira.
Seigarren bidea ireki ondoren, lanek portikoan jarraitzen dute. Informazio-panelak jarrita daude dagoeneko, eta horietako batzuk martxan dira, ordainlekuko bideei buruzko informazioa eskaintzen. Hurrengo egunetan portikoko sistema guztiak instalatzen amaituko dira, eta obretan erabilitako behin-behineko instalazioak kenduko dira.
Ordainlekuaren eraldaketa
Oiartzungo ordainlekua berritzeko lanak 2025aren amaieran hasi ziren. Markesina zaharra kendu eta portiko berria jarri da; horrez gain, lehengo bideak eraitsi eta sei bide berri eraiki dira: hiru Behobiarako noranzkoan autobidetik irteteko eta beste hiru Bilborako noranzkoan autobidean sartzeko.
Sei bideetatik lauk —bi noranzko bakoitzean— ordainketa-sistema guztiak onartzen dituzten makinak dituzte; gainerako biak —bat noranzko bakoitzean— Abiatu eta VIA-T erabiltzaileentzat bakarrik dira.
Berritze-lan guztiak ordainlekua martxan mantenduz egin dira, eta une oro gutxienez bi bide egon dira zabalik noranzko bakoitzean.
Bidegik 3,5 milioi euroko inbertsioa egiten ari da Oiartzungo ordainlekua berritzeko.

