Pagoetako Natura Parkeak bere eguna ospatuko du ekainaren 7an, igandearekin, eta aurten egitarau berezia prestatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pagoeta Mendizale Elkarteak, Aiako Udalak eta Etorlurrek elkarlanean. Helburua argia da: Gipuzkoako naturgune ezagunenetako baten balioa azpimarratzea eta herritarrak bertara gerturatzea.
Eguna Pagoetako gailurrean ospatuko da eta bertara iristeko bi aukera egongo dira: Aiatik edo Zarauztik abiatzea. Aiatik joango direnek 09:00etan hasiko dute ibilaldia Gozategi plazan, ingurumen hezitzaileekin batera; Zarautzen, berriz, irteera 08:30ean izango da Guria tabernatik.
Antolatzaileek ohartarazi dute mendian ibiltzeko ohitura izatea komeni dela, ura eta oinetako egokiak eramatea gomendatzen dela eta ibilbidea ez dela bereziki aproposa haur txikiekin egiteko. Txakurrak ere ezin izango dira eraman.
Behin gailurrera iritsita, parte-hartzaileek pottoka arraza gertutik ezagutzeko aukera izango dute Gipuzkoako Pottokazale Elkartearen eskutik. Programaren barruan izango dira, gainera, Basabizin artatutako eta sendatutako hegazti baten askapena eta euskal makila borrokaren erakustaldia Oiartzungo talde baten eskutik.
11:30ean meza egingo da gurutzearen ondoan eta ondoren trikitixa izango da Zarauzko TRIK Kultur Elkartearekin. Goiz osoan zehar jan-edana ere egongo da, baina antolatzaileek gogorarazi dute edalontzia norberak eraman beharko duela.
Pagoetako Natura Parkeak 29 kilometro koadro ditu, 1998tik eremu babestua da eta gaur egun Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua ere bada. Parkearen %88 Aiako udalerrian dago eta gainerakoa Zarautz eta Zestoaren artean banatzen da.





Deja un comentario