Pasabide egonkor baterako urratsak Gaintxurizketan

Aldundia, Udala eta ETS pasabide irisgarri eta egonkor baterako proiektua idazteko lanean ari dira, 2026ko lizitazioa helburu

GAINTXURIZKETA Pasabide egonkor baterako urratsak Gaintxurizketan

Gaintxurizketako lursailean oinezkoentzako segurtasuna hobetzeko lanei jarraipena emateko konpromisoa berretsi dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lezoko Udalak. Hurrengo hilabeteetan, pasabide egonkor eta irisgarriaren proiektua idazteko hitzarmena sinatuko da, eta lan horien lizitazioa 2026an egitea aurreikusten da.

Eider Mendoza diputatu nagusia, Felix Urkola Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua eta Mikel Arruti Lezoko alkatea gaur bildu dira, eta adierazi dutenez, hiru erakundeen arteko lankidetza (Aldundia, Udala eta Euskal Trenbide Sarea) funtsezkoa izango da Gaintxurizketan oinezkoentzako zeharkaldi segurua bermatzeko.

Behin-behineko pasabidea martxan, proiektu iraunkorra bidean

2025eko ekainaren 13tik martxan dagoen behin-behineko pasabideak lehen urrats gisa balio izan du, baina foru erakundeak eta Udala dagoeneko ari dira hurrengo fasea prestatzen: proiektuaren idazketa eta ondorengo lizitazioa.

Horrez gain, ADIFek beste pasabide bat aurreikusi du trenbidea zeharkatzeko, eta bi azpiegiturak elkarrekin konektatuta egongo dira, ibilbide seguru eta jarraitu bat osatuz.

Azken hilabeteetako lanak eta inbertsioak

Orain arte egindako lanek 920.000 euroko inbertsioa gainditu dute. Horien artean daude:

  • Behin-behineko pasabidea instalatzea, 2025eko ekainaren 13an zabaldu zena
  • 300 metroko oinezkoentzako bide bat egokitzea, Errekalde hotelaren eta pasabidearen artean, argiztapenarekin eta segurtasun hesiak barne
  • Bi autobus geraleku berri sortzea, lau linearekin dabilen zerbitzua martxan jartzeko
  • Trafikoa baretzeko neurriak: abiadura 70 km/h-ra mugatzea, seinale horizontalak eta radar pedagogiko baten instalazioa

Diputatu nagusiak adierazi duenez, “segurtasun baldintzak nabarmen hobetu dira, eta lanak eraginkortasunez gauzatu dira Udalarekin eta ETSrekin koordinatuta”.

Hurrengo pausoak: bi obra berri eta udalaren ekarpena

107 poligonoa eta Lanbarren industrialdea lotuko dituen bide berriaren lanak esleituta daude jada, eta 152.455 euroko inbertsioa aurreikusi da; lanak urrian amaitzea espero da.

Halaber, Errekalde Hotelaren eta 107 poligonoaren arteko bidearen lizitazioa datozen egunetan iragarriko da (296.638 euroko aurrekontuarekin), eta obrak 2026aren hasieran amaitzea aurreikusten da.

Bestalde, Lezoko Udalak Perrene auzorako sarbidea prestatu du behin-behineko pasabidetik, 117.500 euroko inbertsioarekin. Bide inguruko sastrakak kendu, zoladura jarri, argiak egokitu eta esku-banda jarri da, ibilbidea seguru eta erabilerraza izan dadin.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa