Poesia Orduak ekimenak bi hitzordu ekarriko ditu datorren astean Donostiako Victoria Eugenia Clubera, Euskal Jaien egitarauaren barruan. Bi emanaldiak 19:00etan izango dira: irailaren 7an Miren Agur Meabek eta Ibon RGk REC aurkeztuko dute, eta hilaren 8an Fertxu Izquierdo eta BlekingeKale Bandenek Gari errearen urrina eskainiko dute.
REC emanaldian, Meabek eta Ibon RGk memoria poetiko baten grabazioa antzeztuko dute, idazleak 2000tik 2025era egindako ibilbidearen sintesi posible bat osatuz. Testuak, hotsak, ahotsa, irudiak eta musika uztartuko dituzte, besteak beste identitatea, gorputza, genealogiak, idazkuntza eta kontzientzia bezalako gaiak jorratzeko.
Bigarren saioak bestelako giroa izango du. Fertxu Izquierdok eta BlekingeKale Bandenek Gari errearen urrina liburua hartuko dute abiapuntu, errezitaldi «punkerizatua» eskaintzeko. Izquierdok liburuko poemak errezitatuko ditu punk-rock doinuekin batera; poema batzuk kanta bihurtuta ere entzungo dira.
Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatutako bi saioetarako gonbidapenak emanaldi bakoitzaren egunean bertan, 11:30etik aurrera, eskuratu ahal izango dira Donostia Kulturaren webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan.



Deja un comentario