Inicio » Idiomas » Euskera » Tabakalerak online erreserba-sistema bat jarri du abian eta Makusi artxibo-plataforma berritu du

Tabakalerak online erreserba-sistema bat jarri du abian eta Makusi artxibo-plataforma berritu du

Erabiltzaileek gailuen eta Medialab Tabakalerako espazioen aukera zabala erreserbatu ahal izango dute, azkarrago, eraginkorrago eta etxetik

Tabakalerak Medialab Tabakalerako bi berrikuntza garrantzitsu aurkezten ditu: online erreserben sistema berri bat abian jartzea, zerbitzu eta baliabideetarako sarbidea hobetzen duena, eta Makusi artxibo-plataformaren berritzea. Baliabide
hauekin, Tabakalerak beste urrats bat eman du bere zerbitzuak erabiltzaileen beharretara egokitzeko eta esperientzia arinagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko konpromisoan.

Online erreserba-sistema berria

Tabakalerak online erreserba-sistema berri bat jarri du abian, eskuragarri dauden baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea nabarmen hobetzeko. Lehenago, gailu eta espazioen erreserbak telefonoz, posta elektronikoz edo aurrez aurre egin zitezkeen Tabakaleran. Orain, horrezaz gain, erabiltzaileek zuzenean kudeatu ahal izango dute guztia web orritik. Prozesu hori digitalizatzeak erabiltzaileen esperientzia optimizatzea eta Medialab Tabakaleraren baliabide guztiak eskuragarriago egitea du helburu.

Online erreserba-sistema hori urriaren 15etik aurrera egongo da eskuragarri Tabakalera txartela dutenentzat, eta gailu teknologiko ugari erreserbatzeko aukera emango du, hala nola, argazki-kamerak, bideo-kamerak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, mikrofonoak, josteko makinak… Gainera, gailuak ez ezik, Medialabeko zenbait espazio erreserbatzeko aukera izango da, hala nola, bileretarako negutegiak edota platoa.

Makusi, artxibo-plataforma berritua

Tabakalerako Makusi artxibo-plataforma erabat eguneratu da, eta Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako jardueren artxibotik haratago, funts ugari bildu, katalogatu eta jendearen eskura jartzen dituen gune digitala eskaintzen du.

Medialabek datu-base honen kudeaketan 2011etik metatutako esperientziarekin, Makusi tresna bizi eta garaikide bihurtu da, egungo zein historiako materialak biltzen dituena. Etorkizunerantz begira jartzeko gaitasunarekin, plataforma formatu eta funtzio berriak hartzeko prestatuta dago.

Plataformak, gainera, ondare historikoak biltzen ditu, hala nola DSS2016EU eta Artelekukoak. Gaur egun, Makusik 12 mila baliabide inguru (11.779) biltzen ditu, argazki, testu, bideo, audio eta irudi-dokumentuen artean. Eduki horietarako sarbidea doakoa da eta lizentzia irekien bidez eskaintzen da, Tabakalerak software librearekin eta ondare partekatuarekin duen konpromisoaren ildotik. Hiru hizkuntzatan nabigatu daiteke plataforman barrena, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Plataformaren diseinua optimizatu egin da erabiltzailearen esperientzia hobetzeko, informazioaren hierarkia argi batekin, eduki garrantzitsuenetara erraz iristeko aukera ematen duena. Bilatzaile intuitiboak aukera ematen du bilaketa zehatzak egiteko hainbat iragazki erabiliz, eta horrek emaitza egokienak aurkitzea errazten du.

Azpimarratzekoa da Makusi plataforman Bildumak izeneko atal berri bat gehitu dela, gaikako komisariotza sakonagoa ahalbidetzen duena. Gainera, webak hainbat funtsetako edukiak aldi berean esploratzeko aukera ematen du, nazioarteko metadatuen estandarren bidez elkarreragingarritasuna bermatzen baitu, eta horrek edukiak beste gordailu batzuekin konektatzea errazten du.

Plataforma berritu hau Donostiako Lotura enpresaren lankidetzari esker garatu ahal izan da, GLAM (Galeriak, iburutegiak, Artxiboak eta Museoak) proiektuetan izandako esperientziagatik eta web teknologian duen ezagutzagatik aintzatetsia.

Makusi datu base bizia da eta, honenbestez, etengabe eguneratzen dira funtsak eta bildumak. Online erreserba-sistemari edo Makusi plataformari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu Tabakalerako webgunea.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Dana
Kutxa Fundazioa
Didoe