Errezilgo Zelatungo larreek hartuko dute aurten Gipuzkoako larreen irekiera ofiziala. Ekitaldia maiatzaren 1ean, ostiralean, egingo da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du Errezilgo Udalarekin batera.
Urteroko hitzordu honek modu sinbolikoan markatzen du lurralde osoko mendietako larreen irekiera, eta bertan parte hartzea espero da udal ordezkari, abeltzain eta herritar askok.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak nabarmendu du ekitaldiak balio handia duela: “Mendeetan zehar Gipuzkoako kultura eta nortasuna zaindu duten abeltzainen eta familien lana aitortzeko unea da”. Era berean, sektoreak biodibertsitatearen zaintzan eta lurraldearen orekan duen garrantzia azpimarratu du.
Aurtengo datuen arabera, 637 abeltzainek igoko dituzte euren abereak mendietako larreetara, guztira 42.841 abelburu. Zelatunen bertan ardiak, behiak eta behorrak bilduko dira, larreen erabilera anitza eta iraunkorra indartuz.
Ekitaldia, gainera, Nazio Batuek sustatutako Larreen eta Artzaintzaren Nazioarteko Urtearen barruan kokatzen da. Testuinguru horretan, Aldundiak berretsi du larreen kudeaketa jasangarriaren eta abeltzaintzaren aldeko apustua, funtsezkotzat jotzen baitira paisaia zaintzeko, suteak prebenitzeko eta lurraldearen garapen orekaturako.



Deja un comentario